XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zenbakien historia.

Gure eguneroko ekintzetan etengabe erabiltzen ditugu zenbakiak, baina behar bada, inoiz ez dugu pentsatu nola sortu ziren, edo eta, duela 5.000 edo 6.000 urte, gure arbasoek gaur egun erabiltzen ditugun erraztasun berberaz erabiltzen ote zituzten.

Hau dela eta, sar gaitezen zenbakien mundu interesgarri horretan, nola, zergatik eta zertarako sortu ziren jakiteko.

Zenbakien asmakuntza aspaldikoa da; zenbait ikertzailek dioenez, matematika gizona bera bezain zaharra da.

Gizona matematikalari sentitu zen bere ondasunak babestu nahi izan zituenean, hau da, artaldeak zenbatu eta lurraldeak neurtu beharra izan zuenean.

Baina, nola zenbatzen zituen bere ardiak, idiak edo zaldiak aintzinako gizonak?.

Ba, begira; goizean larrera zeraman abere bakoitzeko, harkaxkar bat sartzen omen zuen buztinezko ontzi batean, eta ilunabarrean etxeratzen zuen abere bakoitzeko, harkaxkar bat ontzitik atera.

Horrela, ontzia hutsik geratzen bazen, bazekien abererik ez zitzaiola falta.

Hurrengo pausoa hatzen bidez zenbatzea izan zen.

1 zenbakia adierazi nahi bazuen, hatz bat jasoz; 2 adierazi nahi bazuen, bi hatz.

Eskuen bidez hamar arte zenbatu zezakeen.

Hamar baino zenbaki handiagoa adierazi nahi bazuen, eskuak biratzen zituen: bi biraketa hogeirentzat; hiru, hogeitamarrentzat....

Honez gain herrialde batzutako gizonak hanketako behatzez ere baliatzen ziren.

Zenbakiak jaiotzen dira.

Gauzak zenbatzea ez zen nahikoa eta momentu batean zenbakiak adierazi beharra sortu zen.

Orduan sortu ziren zeinuak, zenbakiak.

Erromatarren zenbakien formak antz handia du hasieran erabiltzen zen eskuz zenbatzeko erarekin.

Honela, 1, 2 eta 3 zenbakien idazkera, hatz bat, bi edo hiru jasotzeari dagokio.

Eskua irekita eta hatz erpurua luzatuz, 5 zenbakia adierazten da, eta bi eskuak irekita eta gurutzatuz, hamar zenbakia.